Gose taldeak Arrasateko hiruko bat izaten jarraitzen du. Ines Osinaga (ahotsa eta trikia, Ekon taldean ibilitakoa), Iñaki Bengoa (sekuentziak eta programazioak, Bad f-Line taldekoa, besteak beste) eta Osoron (gitarra eta baxua, Des-Kontrol taldekide ohia, eta Gatillazo taldeko gitarra-jotzailea). Gose taldeak 2004an ekin zion bere ibilbide isilari musika ideiak adosten. 2007ko maiatzean Osoron arrasatearra Tadeos-en ordez sartu zen. Oso talde mediatikoa bihurtu da Gose (Eutsi! filmeko kantu nagusia egin zuten, Carlinhos Brown abeslariaren disko berriaren aurkezpen-kontzertuetan jo zuten hirutan, EITBren Bilboko etxe berriaren inaugurazio-jaian jo zuten…). Gauza txiki asko denbora laburrean. Gauza txiki horiek talde sendo eta handi bat egiten ari dira. Gose taldeak trikiaren kontzeptu berri batean du oinarria, ohikoak ez dituen tresna-lagunekin nahastuz eta emaitza desberdinak lortuz. Gose taldeak trikia eta elektronika batzen ditu.
Gose taldearen bigarren diskoak lehenaren bidea urratu eta sendotu baino ez du egiten. Diskoa Arrasateko Shot! estudioan grabatu da 2007ko iraila eta urrian bitartean. Grabazioaz Gose arduratu da eta masterizazioa Chris Lewis–ek egin du. Bigarren emaitza zirrara berri batek bultzatutako lana da. Gose taldeari gauza asko gertatu zaizkio, Gose taldeak gauza asko sorrarazi ditu eta bigarren diskoak horren isla du. Melodiak burutzeko erraztasuna, abestiak egiteko ohitura, elektronikaren eta euskal kulturaren uztarketak, trikiaren herrikoitasuna aitzaki hartuta, ematen dien plazera, baina dena goitik behera iraultzeko. Kantuaren dotorezian pentsatzen du, tradizioarekin apurtu egin nahi du, estrategiak batu, serio ekin eta infinituki hausnartu. Diskoa entzutean berriro entzuteko gosea eragiten dizu, gehiago eskatzen duzu, Gose osoa gura duzu. Gose taldeak trikitia eta elektronika batuz giro beroak, gordinak, goxoak, dantza kutsukoak sortzen ditu. Hots, word-music, bosa-nova, glam soinuak, rapa, rocka, punka eta euskal dantza solteko ukituak. Pare bat bitxikeria: Hertzainak taldearen “Hil ezazu aita” abestiaren bertsio indartsua, eta, bilduma amaitzeko, lehen diskoa ixten zuen sehaska kantuaren bertsio berria. Laguntzaileen zerrendan: Jose Izkue (El Desván del Macho), Maixa Lizarribar, Ricardo Altuna, Evaristo Paramos, Txema Arzamendi… Gose taldearen bigarren diskoak ez du izenbururik. Lehenak ere ez zeraman izenbururik, baina hemendik aurrera lehena disko beltza bezala ezagutuko da beltza zelako azaleko kolore nagusia. Bigarrenari, ordea, disko zuria esango zaio arrazoi berberagatik, azal zuria duelako. Zenbat argitasun eman behar lehena eta bigarrena desberdintzeko. Biak ala biak Gose izango dira beti. Diskoaren azal zuria errekortable batzuen irudiek ilustratzen dute.
1.- Zergatik tradizioa ez dena izan daiteke plazera? (trikiaren tradizioa ez da luzea, ezta elektronikarena ere).
Tradizio. iz. Ahoz nahiz idatziz, belaunaldiz belaunaldi transmititzen den eta denboraren poderioz finkatzen den kultura-ondarea eta portaera-ereduen multzoa.
Plazera. iz. Atsegina. Gustuko zerbait egiteak sortzen duen sentsazio gozoa.
Beti pentsatu izan dugu zerbait ez doala bide onetik gazte batek bere gurasoen ohitura berdinei eusten badie. Horrek tristetzen gaitu eta pentsatzen dugu haren bizitza ez dela batere erakargarria, oso aspergarria izango dela.
Herri baten historiak balio behar du historia hori osatzeko gertatu ziren uneak ulertzeko. Baina, gertaera horiek ez lirateke besterik gabe errepikatu behar. Aurrera egiteak plazera sortzen du.
Guretzat tradizioa zera da: gaur egunera moldatu diren iraganeko “gauzatxo” horiek. Hil ez daitezen eraldatu dira, baina, era berean, desagertu egiten dira gizartearen garapenarekin sortzen diren plazer berriekin bat egiteko aukerarik ez badute. Eta behin hilda, plazera baztertzen dutenentzat bakarrik dira interesgarriak.
Tradizioa errealitate moduan ikustera gaude ohituta. Zerbait zaharragoa bada, benetakoa dela uste dugu. Ontzat hartzen dugu, zergatik jakin gabe. Besterik gabe, misiolariaren posturan lortutako orgasmoa da, senar-emazte, pilota partidu, batzoki, Erret-inaugurazio, igandeko egunkari eta elizkizun, alarde eta militar desfileak…
2.- Gose taldeak erritmo anitz sorta bat eskaintzen digu beti eta, hala eta guztiz, homogeneotasuna gordetzen du uneoro.
Gosea, erritmo-sorta eta homogeneotasuna? Hau beldurra!! Oso desberdina bada ere, ni ez nitzake horrelako talde batekin fidatuko. Nahiago dut Jose Tomasekin arratsalde bat pasa.
3.- Amets beltzak (lehenengo diskoaren kolorea, C.Brown), amets gorria (zuen kantu baten izenburua, taldearen izaera), amets zuria (bigarren diskoaren kolorea), benetako ametsak…
Ametsak? Koloreak? Errealitatea? Brown? Nor da zure droga-saltzailea? Emaidazu bere telefono-zenbakia, please
|